Gaurkoan musikako artikuluei buruz hitz egingo dizuet.
Hainbat iritzi desberdin aurki ditzakegu gaur egun egunkari,telebista, irrati edota interneteko sarean zehar.Hona hemen "Musika entzun...eta irakurri"
Hainbat urtez bi hilabetean behin kioskoetan Euskal Herrian musika munduan gertatzen zenaren bozgorailu izan eta gero, 2007an Entzun! desagertu egin zen aldizkari formatuan. Entzun! ekimena, ordea, ez zen amaitu eta bidea Internet sarean jarraitu du azken urte hauetan guztietan, bai eta Durangoko Liburu eta Disko Azokara begira liburu erako ale berezian ere.
Aurtengoan ez dute hutsik egin eta Entzun!-en 59. alea kalean da dagoeneko. Teknologia berriak aurrera egin duten heinean, paperezko formatuak lekua galtzen joan dira apurka, garai berrietara egokitzea ezinbestekoa bilakatu delarik. Entzun!-en horrela ulertu dute eta Internet sarean metatu dituzte indarrak azken hilabete hauetan. Hainbat hilabete barru, www.entzun.com gunea berritu eta eraldatzeko asmoa azaldu dute eta bide horretan, Xabier Sagardia Entzun!-eko kideak horrela adierazi digu: «Webgune berria nahi baino gehiago atzeratzen ari da, baina laster izatea espero dugu, izan ere, nahikoa aurreratua dago lana. Irakurleekin harreman estuagoa izan nahi dugu, eta gai guztiak komentatzeko aukera izango da, eztabaida sortzeko helburuarekin, iritzi trukea. Bideoak eta musika entzuteko aukera ere izango da eta itxuraz erabat aldatuko da».
Sareko jarduna ez ezik, Entzun! albiste dugu paperean 59. alea kaleratu duelako. 2008ko abenduan kaleratu zen lehen aldiz Entzun! liburu eran CD bilduma gehigarri zuelarik. Sagardia pozik azaldu da izan zuen harrerarekin, eta hori ale berria burutzeko baliagarri izan dela dio: «Formatu berriak harrera ona izan zuen hasieratik. Harpideek leialtasun ikaragarria erakutsi digute eta, oro har, heldu zaizkigun iritziak positiboak izan dira». Liburuaren orri gehienak musika taldeei eginiko elkarrizketak osatzen dute. Liburu formatuak ematen dituen erraztasunak tarteko, elkarrizketa mamitsu, sakon eta landuak topa daitezke ale berri honetan. Zentzu horretan, Berri Txarrak, Anari, Sexty Sexers, edota Xabier Erkiziari sakonean galdegiten zaie, ohikoan prentsa eta irratietan egiten diren galderetatik aldenduz, eta protagonistak sakonean aztertuz. Musikazaleek zinez eskertuko dituzte elkarrizketa sakon hauek, non betiko galderetatik haratago, musika taldeen errealitatea eta biziera sentitu daitezkeen: «Apurka eta lasai irakurtzeko filosofia horrekin egina dago. Liburu formatuak gogoetarako edota gaiak luze tratatzeko aukera ematen du, eta uste dut musikazaleak horrelako edukiak asko gozatzen dituela». Aipaturikoez gain, Eureka Hot IV, Loan, Delorean, Gose, Biok, Hoey & The Mussels, Orreaga 778, Bide Ertzean eta Inoren Ero Ni taldeak ere elkarrizketatu ditu Entzun!-ek.
18 abestiko CD bilduma
Disko-liburu berri hau ez da urtekari gisa ulertu behar, eta horrela, erreportaje eta dosier ezberdinek ere badute tokia 59. alean. Erreportaje interesgarrienen artean, Mikel Laboari buruz idatzitakoa nabarmendu daiteke: «Bai, Laboaren inguruko oso erreportaje potoloa prestatu dugu, bere alderdi sortzaileari erreparatuz. Oso ongi dokumentatua dago eta datu oso interesgarriak biltzen ditu». Euskal hip-hoparen gorakada, SST Records zigilu amerikarraren ingurukoak edota grabazio analogikoa garai digitalean dira aukeraturiko beste gai batzuk. Michael Jacksonen inguruko erreportajea ere badakar ale berriak, «Michael Jackson, errege handi ahula» izenpean Jackoren ingurukoak irakur daitezke. Gainera, disko kritika mordoa, urteko kontzertu afixekin eginiko irudi bilduma, argazki galeriak, iritzi zutabeak eta ohiko komikiak osatzen dute 59. ale hau.
144 orrialde dituen liburuak ere musika CD bilduma ere badakar gehigarri gisa. Bertan, 18 musika talderen kantu bana entzun daiteke, 2009an argitaratu diren diskoetatik eginiko selekzio txiki bat. Euskal Herrian musika ekoizpena handia da zinez, eta batez beste 200 diskotik gora kaleratu dira 2009 honetan. Zentzu horretan, 18 kantuen aukeraketa ez da batere erraza izan Entzun-eko lagunentzat: «Aurten atera diren diskoen lagin txiki bat baino ez da bilduma, eta horrela ulertzen dugu. Irizpide nagusia askotariko bilduma egitea izan da, estilo eta doinu aldetik bariatua, alegia», dio Xabik. Tartean, Euskal Herriko musika diskoetxe nagusien erreferentziak topa daitezke nagusiki, bai eta diskoak auto-ekoiztu dituzten musika taldeen zenbait kantu ere. Gose, The Uski's, Piztiak, U.K. Bill, Delorean, The Sparteens, Bizardunak, PAM, Berri Txarrak, Memo, Audience, The Sparteens, Brand New Sinclairs eta Hoey & The Mussels dira aukeraturiko musika taldeetako batzuk. Zentzu horretan, argitaragabea den kantu bat ere entzun daiteke, musika CDari balio erantsia ematen diona: Donostiako Mod Time taldearen «All the morning» kantua hain zuzen ere. Musikalki, bilduma anitza eta koloretsua da: rock&rolla, folk erradikala, pop-a, metala, musika elektronikoa, stoner giroak... Azken batean, Euskal Herriko musika eszena aberatsaren ispilu izan daiteke musika bilduma hau.
Liburua eta CD bilduma batera eskuratu ahal dira 15 euroren truke. Durangoko Liburu eta Disko Azokan Entzun!-en standean eskuratu ahal izango da honako urtekaria, bai eta Euskal Herri osoko ohiko salmenta puntuetan.
domingo, 21 de febrero de 2010
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario